
Miguel Hermoso: “Maitasun kontuetan leialtasuna ez da existitzen”
Miguel Hermoso, Yo soy Bea-ko Diego de la Vega maltzurra, astebete inguru egongo da Donostian, lana dela eta. Egunotan Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango dugu bere obra berria, Fiel, antzezten, seriean berarekin lan egiten duten José Manuel Seda eta Inma Islarekin batera. Bertan, soldatapeko hiltzaile bat da bera, kontzientzi arazoak dituena eta egiten duenaz seguru ez dagoena. Hori da, ordea, bere bizibidea.
Leiala al zara zu?
Leial izan zaitezkeen neurrian bai. Nire buruarekin, eta zibismo eta portaera printzipioekin. Maitasun kontuetan ez dut uste leialtasuna existitzen denik. Beste pertsona batekiko leial izatea eta norbere buruarekiko leial izatea ez datoz bat nire uste. Inoiz ez dut hitz ematen leial izango naizela, badakidalako ezingo dudala hori bete.
Barkatuko al zenioke norbaiti zurekiko desleial izango balitz?
Bai, noski. Ez zaio garrantzi gehiegirik eman behar. Maitasuna sendoa baldin bada mantentzea merezi du. Huts egite hori behin eta berriro errepikatzen bada kezkatu egiten naiz, eta nirekin harremanak izan nahi ez ote dituen galdetzen diot orduan nire buruari. Bikote baten alderdi sexuala bizirik egoten saiatu behar dugu, sexua bikote baten plazerrik oinarrizkoena baita. Sexu ona izateari utziz gero pikutara doa bikotea.
Zergatik ematen dizute beti maltzur papera?
Obra hau hain da nahasia, azkenean jendeak ez dakiela ziur zein den gaiztoa. Dudan gaizto aurpegi honek lagundu egiten dit beharbada. Izugarri gustatzen zait ertzean, mugan dauden pertsonaiak antzeztea… betiere testua sinesgarria baldin bada noski. Nire pertsonaiak ez ditut moralki aztertzen, horrela izatera bultzatzen dituzten arrazoiak dira aztertzen ditudanak.
Zer esaten dizu jendeak kaltetik zoazenean?
Zein gaiztoa naizen aurpegiratzen didate, baina gorroto baldin badidate oso ondo egiten dudalako dela esaten didate gero.
Telebistak ematen ez dizudan zer ematen dizu antzerkiak, eta alderantziz?
Antzerkiak oinarri teknikoa ematen dio antzezleari, oso garrantzitsua da antzezlea beti antzerkira bueltatzea aurreratzen jarraitu nahi badu. Telebistak beste gauza batzuk ematen dizkizu. Telebistak askoz ere diru gehiago ematen du, hori ez dizut ukatuko. Oso garrantzitsua da antzerkiko aktoreek telebistan lan egitea, behar duen teknika eta zehaztasuna ematen diolako telebistari.
Musikaria zara antzezle izateaz gain. Ikusten al duzu zure burua zure musikarekin antzoki bat betetzen?
Izugarria izango litzateke. Txikia nintzenean ikasi nuen musika, baina gero antzerkian sartu nintzen buru-belarri. Nire zaletasuna da musika, ahal dudan guztietan parte hartzen dut antzerkiko talde independenteekin haiei soinu-banda jartzen. Nire oporrak, nire aisialdia da musika, gustatzen zaidana egiteko balio didana.
Zein da ikusi nahiko zenukeen ikuskizuna, oraindik ikusi ez duzuna?
Luces de Bohemia ikusi nahiko nuke Tom Waitsen musikarekin.
José Manuel Seda: “Bikote batean maitasuna da garrantzizkoena”
José Manuel Sedak oso opari berezia du bere emaztearentzat, ezkondu zireneko hamar urte bete direnean. Izan ere, haren hiltzailea izango da oparia. soldatapeko gorila bat, alegia. José Manuel Seda Oscar da Fiel obran.
Posible al da leial izatea?
Probablea dela esango nuke. Bizitza honetan dena izan daiteke probablea, apaizen kastitatea ere, nahiz eta gero hori ziurtatu beharko. Baina nire ustez zintzotasunak du leialtasunak baino garrantzi handiagoa.
Ba al duzu Fiel obrako zure pertsonaiarekin zerbaitetan antzik?
Antzezten ditudan pertsonaia guztiek dute niregandik zerbait. Baina Oscarrekin ez dut antzik ezertan. Eskrupulorik ez duen izakia da, trepa xamarra, ez du moralik buruan duena bete nahi duenean.
Zer da garrantzizkoena bikote batean gauzak ondo irteteko?
Begien bistakoa iruditu arren, bikote batean gauzak ondo irteteko elkarrenganako maitasuna da garrantzizkoena. Beste pertsona zoriontsu izaten lagundu behar duzu, behar zaituenean hor egotea, eta arraro iruditu arren, aldentzea, beste pertsonak behar duenean. Azken finean, bizitzea eta bizitzen uztea.
Zer ematen dizu antzerkiak ahal duzun guztietan bueltatzeko?
Ez dakit, antzezle guztiak hazi izan garen lekua da. Zoragarria da publikoarekin harremanean egotea. Telebistan grabatu egiten da dena; antzerkian, berriz, egunero egin behar diozu aurre gerta daitekeenari. Antzerkian sentitzen naiz ni bizien.
Zer deritzozu antzerkia telebistako aktoreez beteta egoteaz?
Ez dago telebistako aktoreez beteta, ezta gutxiagorik ere. Espainian antzerki asko egiten da, konpainia independente asko daude, ia osorik jende anonimoez osatuta. Niri, ordea, ondo iruditzen zait telebistako aktoreek antzerkia egitea, ezagunak ikustean jendea animatu eta antzerkira gehiago joaten delako.
Orain arte lan egin ez duzun zein aktore edo zuzendarirekin lan egin nahiko zenuke?
Oraindik ez zait iritsi momentua norekin lan egin nahi dudan erabaki ahal izateko, pixkanaka noa. Baina antzezle eta zuzendari askorekin lan egin nahi nuke, ezingo nuke aukeratu.