Victoria Eugenia Antzokia

  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Berriak
  • Arte eszenikoei buruzko berriak

Arte eszenikoei buruzko berriak


Artxiboak kategoriaren arabera "Zinea - Cine"

Protagonistak izatea imajinatzen dugu lehiaketaren film labur irabazleak proiektatuko dira

Asteartea, 2010ko Ekainaren 28a

Hurrengo asteazkenean, ekainak 30, 20:00etatik aurrera Victoria Eugenia Antzokian, Protagonistak izatea imajinatzen dugu Atzegi 2010 Film Laburren eta Bideoklipen Hirugarren Lehiaketako film labur irabazleak proiektatuko ditugu. Aurreko bi edizioetan gertatu zen bezala, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak eta Atzegik, Kutxaren lankidetzaz, emanaldi berezi hau aurkeztuko dute, partehartzaile ugari ere bertan egongo direla.

2010. urte honetan, Atzegik 50 urte bete ditu. 50 urte adimen-ezintasuna daukaten pertsonentzako etorkizun hobea imajinatu dugu eta hala nahi dugu artean ere. Etorkizun hobea imajinatzearekin bat etorriz, Atzegik, Kutxaren lankidetzaz, “Protagonistak izatea imajinatzen dugu” Film Laburren eta Bideoklipen Hirugarren Lehiaketa antolatu du.

Lan hauetan, adimen-ezintasuna daukaten pertsonen ahalmenak erakutsi nahi dizkiogu gizarteari zinema-arloa baliatuz; bertan, istorio horien aktore izan daitezkeela eta, gainera, haien bizitza errealen protagonista izan nahi dutela erakutsiko digute.

Lehiaketa honetako epaimahaia Jose Luis Rebordinosek, Begoña del Tesok eta Mitxel Lakunzak osatzen dute.

Informazio gehiago duzue donostiakultura.com webguneako dossierren atalean.

Ken Zazpik kontzertua eskainiko du maiatzaren 28an Victoria Eugenia Antzokian

Ostirala, 2010ko Maiatzaren 20a

Ken Zazpik kontzertua emango du maiatzaren 28an Victoria Eugenia Antzokian, arratsaldeko 20:30ean; iaz Victoria Eugenia Antzokian zuzenean grabatutako Ken Zazpi urte zuzenean lanaren aurkezpen birako azken kontzertua, hain zuzen.

Euskal pop-rock talderik garrantzitsuenetakoa dugu Ken Zazpi. Bere musikak harrera ona, eta azkarra, izan du gazte jendearen artean, euren zuzeneko indartsuei esker.

Oraindik sarrera gutxi batzuk gelditzen dira 15 eurotan Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, baita Kutxaren ohiko kanaletan ere (Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net webgunean).

Argazkiak eta dossierra victoriaeugenia.com webgunean dituzue, Donostia Kultura erakundearen arte eszenikoen atarian, dossierren atalean.

Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldiko Sariak

Larunbata, 2010ko Apirilaren 30a

Gaur jakinarazi dira Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldiko Sariak. Izan ere, gaur amaituko da jaialdia Victoria Eugenia Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Ondorengo filmak dira aurtengo saridunak:

GAZTEEN SARIA FILM LABUR ONENARI
Angry Man / Sinna mann (2009)
Anita Killi. Norvegia

IKUSLEEN SARIA FILM LUZE ONENARI
Mary and Max (2009)
Adam Elliot. Australia

AMNESTY INTERNATIONALEN SARIA
El problema. Testimonio del pueblo saharaui (2010)
Jordi Ferrer, Pablo Vidal. Espainia

Informazio gehiago victoriaeugenia.com webbgunean duzue, Donostia Kultura erakundearen arte eszenikoen atarian, dossierren atalean.

Soundtrack for a revolution-ek itxiko du Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia

Asteazkena, 2010ko Otsailaren 30a

Bill Guttentag eta Dan Sturmanen Soundtrack for a Revolutionek (Estatu Batuak, 2009) itxiko du apirilaren 30ean Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldia, apirilaren 23tik 30era Victoria Eugenia Antzokian egitekoa.

Filma 50 urteetatik Estatu Batuen arraza-bereizkeria amaitu nahi izan zuen eskubide zibilen mugimenduaren soinu-bandan barrena egindako ibilbide hunkigarria da. Martin Luther King aritu zen herrialde osotik hedatutako mugimendu baten buru, eta bere identitate-ikurrak manifestazio eta bilerak bizitu zituzten abestiak izan ziren, denboraren poderioz benetako askatasun-ereserki bihurtutakoak. Erlijio- edo sindikatu-jatorrikoak, horietako asko esklaboen kantu zaharren bilakaerak dira…, eta musika borroka-elementu bihurtu zen. Sarreraren gaindikakoa irakurri »

Simplemente filma botako dute otsailaren 16an Victoria Eugenia Antzokian

Asteartea, 2010ko Otsailaren 15a

Bihar, otsailak 16, iluntzeko 20:00etan, Simplemente, John Andueza zinegileak eginiko filma proiektatuko da Victoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideen VIII. Zinemaldiaren saio berezi gisa.
Dani Loredok Radio Euskadin egiten du lan. Urtzi Urrutiak pizzeria batean. Alberto Hermoso Abadiñoko supermerkatu batean apalak hornitzen aritzen da. Film luze honetako beren lagun batzuk, berriz, langabezian daude egun, adibidez, Saioa Larrea, Iñigo Hermoso eta Ana Mota.

Guztiek ere hogeitaka urte batzuk dauzkate. Orain arte Euskadiko gazte-koadrila baten ohiko erretratua irudi lezake. Aldiz, oso talde berezia dugu hau. Lehenik eta behin, pasio handi batek lotzen ditu: dantza garaikideak. Izan ere, urteak eman dituzte koreografia bikainetan lan egiten beste dantzakide batzuekin Despertar los sentidos taldean. Gainera, guztiek down sindromea dute.

Argazkiak eta dossierra victoriaeugenia.com webgunean dituzue, Donostia Kultura erakundearen arte eszenikoen atarian, dossierren atalean.

Eguneratzea. 13:35: une honetan jada ez dago sarrerarik.

Kimuak 09 Victoria Eugenia Antzokian

Ostirala, 2010ko Urtarrilaren 21a

Bihar, urtarrilak 22, iluntzeko 20:00etan, Kimuak 09 osatzen duten zortzi film laburrak proiektatuko dira Victoria Eugenia Antzokian. Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiaren bidez, antolatutako programak urteko euskal film labur onenak biltzen ditu horiek nazioarte mailan hedatzeko eta sustatzeko.

Hauek dira 2009ko lanak: 5 recuerdos (Oriana Alcaine, Alejandra Márquez), Ahate pasa (Koldo Almandoz), Amona Putz! (Telmo Esnal), Dirty Martini (Iban del Campo), Él nunca lo haría (Anartz Zuazua), Los que lloran solos (David González Rudiez), Marisa (Nacho Vigalondo) eta La presa (Jorge Rivero).

Horietako errealizatzaile batzuek egongo dira Victoria Eugenian bertan urtarrilaren 22an.

Sarrerek 3,70 euro balio dute eta Victoria Eugeniako leihatilan edo Kutxaren ohiko zerbitzuen bidez ((Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net webgunean) erosi ahal dira.Informazio gehiago Kimuak 09 programaren webgunean.

Donostia Kulturaren asteko agenda: urtarrilak 18-25

Asteartea, 2010ko Urtarrilaren 18a

Hiriko jai bezperan gaude, urtarrilaren 20an ospatuko baita San Sebastian eguna, baina festaz gain badago Donostian aste honetan bestelako kultur eskaintzarik.

Adibidez, urtarrilaren 23an hasiera emango zaio Victoria Eugenia Antzokian Classic programa berriari Krystian Zimerman pianistaren emanaldiarekin. Musikarekin jarraituz, Juan Mari Beltran egongo da urtarrilaren 23an bertan Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritz) Ttakun Ttan Ttakun ikuskizunarekin.

Pasa den urteko euskal film laburren uzta ospetsua, Kimuak 09, ikusteko parada izango dugu urtarrilaren 22an Victoria Eugenia Antzokian.

Gasteizen bizi bada ere, donostiarra da Iban Zaldua idazlea. Gaztelaniaz argitaratu berri duen La patria de todos los vascos liburua aurkeztuko du Liburutegi Nagusian (San Jeronimo) urtarrilaren 21ean. DK Literatura programan txertatzen den ekitaldian, beste bi idazle izango ditu alboan Zalduak: Harkaitz Cano eta Angel Erro. Harkaitz Cano bera da, gainera, Liburutegi Nagusian hilero egiten den euskarazko literatur solasaldiko gidatzaile berria.  Urtarrilaren 25ean, Fermin Etxegoienen Autokarabana liburuaz arituko dira solasean.

Otsaila-maiatza ikastaro eskaintza plazaratu berri du Donostia Kulturak eta urtarrilaren 29ra arte dago zabalik izena emateko epea. Interesatuek kultur etxeetara jo beharko dute zehaztasun gehiago jasotzeko. Hona hemen 2010eko otsaila-maiatzeko ikastaro-eskaintza.

Amaitzeko, Otto haur antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dute ttikienek (1-6 urte bitartekoek) Intxaurrondo Berri Kultur Etxean, saio bikoitzean, urtarrilaren 23an.

Hementxe duzue urtarrilaren 18tik 25eko helduentzako agenda, baita haur agenda ere.

Donostia Kulturaren asteko agenda: urtarrilak 11-18

Asteartea, 2010ko Urtarrilaren 11a

Antzerkiari dagokionez, bi emanaldi izango ditugu urtarrilaren 15etik 17ra. Sexpeare konpainiak El título de este espectáculo no es mi madre ekarriko du Imanol Larzabal Aretora (Lugaritz) eta Txalo Produkzioek Arrastoa antzezlana estreinatuko dute Antzoki Zaharrean.

Zineman, Nosferaturen 70etako thriller estatubatuarra zikloarekin hasiko gara berriro ere. Urtarrilaren 13an Pelham 1, 2, 3 filma proiektatuko da Antzoki Zaharrean.

Musika atalean, berriz, Ttan Ttakun Irratiaren festa izango dugu urtarrilaren 16an Gazteszenan (Egian). Erakusleihoa programak musika eta literatura uztartuko ditu urtarrilaren 14an Ernest Lluch Kultur Etxean Komuneko paperean emanaldiarekin.

Haur jarduerei dagokienez, hiru emanaldi antolatu ditugu Antiguako jaien programazio barruan: Atxikistan urtarrilaren 15ean, Robots filma urtarrilaren 16an eta Hipo eta Tomax pailazoen emanaldia urtarrilaren 17an.

Gainerako ekitaldien berri duzue gure agendan.

Donostia Kulturaren asteko agenda: urtarrilak 5-11

Asteazkena, 2010ko Urtarrilaren 5a

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionez, urtarrilaren 9an Alex Ubago donostiarraren kontzertua izango dugu.

Ernest Lluch Kultur Etxean, berriz, Romeo y Julieta de William Shakespeare bideo-foruma programatu da urtarrilaren 11rako.

Haur jarduerei dagokienez, Kanpanilla eta Peter Panen itzala ikusteko aukera izango dugu urtarrilaren 9an Altza Kultur Etxean.

Gainerako ekitaldien berri duzue gure agendan.

Donostia Kulturaren asteko agenda: abenduak 28-urtarrilak 4

Asteartea, 2009ko Abenduaren 28a

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionez, urtarrilaren 2an Gose izango dugu bere lan berria aurkezten. Adi, zeren eta kontzertua Club aretoan da.

Ernest Lluch Kultur Etxean, berriz, bi bideo-forum izango ditugu egun hauetan: gaur, abenduak 28, Las vírgenes suicidas eta urtarrilaren 4an, berriz, El perro del hortelano.

Gainerako ekitaldien berri duzue gure agendan.

Haur jarduerei dagokienez, Gabonak Zuretzat programazioak aurrera jarraitzen du eta gure haur agendan ikus dezakezu datozen egunetan programatu ditugun ekitaldi aipagarrienak. Dena den, eta esan bezala, Gabonak Zuretzat ekimenaren berri duzue hemen.


© Victoria Eugenia Antzokia, Argentina Errepublika Pasealekua , 2. 20004 Donostia - Telf. 943 481160 Fax. 943 481969 Emaila bidali